XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. EMANDAKO HIZTEGIAREN AZTERKETA

Atal honi erantsita, Urola bailaran egindako azterketan bildutako hitz zerrendak aurkezten ditugu.

Zerrendetako hitzak idatzitako ehundaka hitz guztietatik ateratako lagina baino ez da.

Gogoan izan, guk egindako froga, idatzizko froga zela; hortaz, bildutako hitzak, bere hartan agertzeari egoki deritzogu, akats ortografikoak barne.

Beste aldetik, honek azterketa sakonagoa beharko luke.

Dena den, irakurlearen esku utziko genuke momentuz bigarren mailako irakurketa egitea.

Lehenbiziko eranskinean, hiruk edo gehiagok idatzitako hitzak, alfabetikoki ordenatuta agertzen dira ezkerreko zutabean; eta eskuinekoan, hiztegien araberako zuzenak direnak.

Hau da, 9-14 urte bitarteko haurrek ezarritako hitz estimuluen aurrean maizen erabiltzen dituzten hitzak eta haiek idazten dituzten moduan jarri ditugu lehenengo zutabean; bigarrengoan berriz, akats ortografikoak zuzendu, artikulua kendu, singularrean jarri eta aditzak infinitibora ekarri ditugu.

Irakurleak ikus dezakeenez, hizkuntza bakoitzerako zerrenda bana dauka.

Genionez, azterketa sakonagoa egiteke, zenbait irizpide azaltzea baino ez dugu egingo.

Azterketa kuantitatiboan, gazteleraren ugaritasuna aski frogatuta geratu delarik, oraingo azterketa kualitatiboan hurrenez hurren honako hau esan dezakegu:

- Gure ustez, gaztelerak gehiago eragiten du euskaran, azken honek gazteleran baino.

Ez-ohizko maileguak adibidez, horren berri ematen digute, euskaraz idatzitakoen artean: belozidadea, bizabuelo, delfina, entradak, grande, inkomodoak, madrina, media, morenatu, obedientea,...

Gazteleraz emandako hitzetan, berez euskaraz direnak agertzea, hizkuntzen arteko nahasketa delakoan gaude; hau da, gaztelera erabili beharrean, euskara erabili dutela.

Gure aburuz, gazteleraren kasuan, ez dago euskararen eragin nabarmenik, bai ordea, ortografia mailan.

Haur askok gazteleraz idazterakoan, euskarari dagokion arau ortografikoak erabili dituztelako, hala nola: aiudar, eskalar, galtzetin, kaballo, kotxe, makina, nuebo, saltxitxa,...

Beste kasuetan, arau ortografikoei dagokienez, hizkuntzen arteko bereizketa egin nahiean, haurren nahasketa antzeman daiteke adibide gisa, b eta v ren arteko nahasketa: aveja, avuelo, varato, viquini, voca, vragas...

- Euskaraz emandako hitzak, beste alderditik, idatzizko froga bati dagozkionak baino ahozko froga batetik ateratakoak direla dirudite.

Ikusi bestela aitite, aizpe, alkondarie, askaskala, blusie, bustena, gerrikue, ...

- Hiztegiaren azterketa egiterakoan esan genezake ere euskaraz emandako hitzak, orohar, arruntagoak direla gaztelerarenak baino.